XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta izeba Teresa W-ekin hizketan imajinatzen nuen: Laborategia hiretzat baina ezin duk globorik egin, txoria izan haiteke baina hegalik gabe, ezkon haiteke baina bakarrik nirekin, ikasi bai baina batxilerra bukatu arte, baina-baina-baina.

Izebak dena uzten zion W-i baina bere umontziko espazio absolutoaren barnean.

Biziro eta birbiziro gorrotatu nuen neure gorputzeko zati batetan bizi-bizirik nabaritzen nuen izeba Teresa.

Bai ala ez, huraxe zen mementua eta hizketan hasi nintzaien: - Ni beste mundutik natorrek eta aspergarria duk benetan.

Baina zuena ezagutu diat, eta itzal batzuk izatera kondenaturik dagoen mundu hau ezagutu ondoren, ez zekiat zer esan.

Beste mundu hartan gutxienez jendea jaio egiten huen baina hemen noiz jaio behar dugu mundura?

Noiz utzi behar dugu amaren umontzia?

Erabateko isiltasuna egin zen.

W-ek eskuetako eriak batera eta bestera higitzen zituen urduri.

Haren gorputzeko higidura bakoitzean kontrako indarren eragina ikus zitekeen.

Azkenean eriak gelditu egin ziren eta orain ni nengoen urduri burrukaren azken ondorioa jakiteko.

- Konforme, globoa egingo diagu - esan zuen.

Salto batez bereganatu nintzaion eta estu-estu besarkatu nuen eta uste dut malkoren bat ere isuri zitzaidala.

- Zorionak Wenceslao - esan nion.

Atzetik Q-ek besarkatu zuen: - Zorionak Wenzeslao.

- Zorionak Quintiliano - erantzun zion W-ek.

Egia esan, laborategitik irtetzerakoan pozez lehertu beharrean nengoen: handik, zuzenean, sukaldera joan nintzen izeba Teresa agurtzera.